2024ko edizioa
EGIN PORNOAZ HITZ
Edizio honetan, proiektuak bira bat eman du, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari duen gai batean arreta jarriz. Proiektu honek dituen 9 urteetan etengabe aipatu den tabu-gaia da: pornoa, alegia. Gai hau, deserosoa bada ere, gazteen artean oso presente dagoela ikusten dugu.
Horrela, bada, aurten murgiltzeko antzerki eta gidoi berri batekin gatoz, zeina gai honen inguruan esperimentatu eta hausnartzera gonbidatzen gaituen: pornografiaren industria, horren azpian dagoen etika, informaziorako sarbideak, baimena, bakoitzaren sexualitatearen edo pertsonen arteko harreman afektibo-sexualen eraikuntza, maitasuna eta nahiak, besteak beste.
Gainera, berrikuntza gisa, aurten BerHezi-rekin egongo gara elkarlanean, berdintasun eta hezkidetzan espezializatua den aholkularitza enpresa. Haren laguntzarekin espazio seguru bat sortzea da gure xedea, antzezlanaren ondorengo solasaldietan hitz egiteko eta, are garrantzitsuagoa, gazteak entzuteko. Hortaz, haiek izango dira eztabaida horiek bideratuko dituztenak.